Euskaraz bizitzeko behar den dena eskatu dute milaka euskaltzalek Iruñean
Milaka euskaltzalez osatutako hiru zutabek zeharkatu dituzte Iruñeko kaleak, Euskalgintzaren Kontseiluak «Euskaraz bizitzeko behar den dena» lelopean antolatutako Euskaltzaleon Martxarekin bat eginez. Zutabeak Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun Enparantzatik abiatu dira, Gazteluko Plazan bat egiteraino. Bertan egin da ekitaldi nagusia.
Hitzartze nagusia: Idurre Eskisabel Larrañaga
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, zuzendaritzako kideez inguraturik, eskerrak eman dizkie «gaur hona etorri zareten euskaltzale guztiei: Zuberoatik, Nafarroa Beheretik, Lapurditik, Gipuzkoatik, Arabatik, Bizkaitik, Nafarroa Garai guztitik… euskararen lurralde osotik». «Abenduaren 27an, neguko solstizioan, Bilboko Miribilla kirolgunean euskarak behar duen pizkunde berriaren lehen txinparta isiotu bagenuen, orain, udako solstizioan, kalera atera gara, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatu eta eskatzera ez ezik, harro gaudela esatera, ospatzekorik ere badugula adieraztera» jarraitu du. Izan ere, «zigor, debeku, epai, gutxieste, baztertze oldarraldi, eta gainerako menderatze tresneria guztien gainetik euskara bizirik ekarri dugu XXI. mende honetako lehen laurdenera arte».
Hala ere, adierazi du, «poztu eta harrotzeak ez du esan nahi egoeraren larriaz jabetzen ez garenik. Larrialdi linguistikoan jarraitzen du euskarak, larrialdi linguistikoan euskal hiztun komunitateak. Euskararen etorkizuna jokoan dago. Horregatik elkartu gara gaur Iruñean: euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzeko, euskaraz behar den dena eratzen hasteko».
Kontseiluko eledunaren hitzetan, «urteak daramatzagu “euskaraz bizi nahi dut” aldarrikatzen. Norberaren ekimenez euskaraz bizitzeko eguneroko ahalegin nekezean tematuta. Baina ez da aski. Dudarik gabe, azken hamarkadak aurrerapen hamarkadak izan dira euskararentzat. Baina ez da aski. Zoritxarrez, datu eta joera soziolinguistikoek, proiekzioek, prozesu hori asko moteldu dela erakusten dute; are, etena gertatzeko eta atzera egiteko arriskua handia dela».
«Euskara hizkuntza minorizatua baita. Egiturazko arazo bat da euskararena. Horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona, egiturazkoa. Horregatik eskatzen dugu euskaraz bizitzeko behar den dena. Norberaren ahalegin tematiaz gaindi, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea. Eskubideen aitortze formaletik haragoko baldintza errealak: politikoak, sozialak, kulturalak, materialak… Ekosistema oso bat behar du euskarak; unibertso bat eratu behar dugu euskararentzat. Eta, Euskalgintzaren Kontseiluaren iduriko, hiru dira euskarak behar duen hori dena eraikitzen hasteko oinarriak: jauzi bat hizkuntza politiketan, ofizialtasun osoa Euskal Herri guztian, eta euskaltzaletasun kokatu, antolatu eta indartsu bat» gehitu du.
Ofizialtasunaren aldarriaren harira, Kontseiluko bozeramaileak adierazi du premiazkoa dela «ofizialtasun osoa euskararentzat, Euskal Herri osoan. Izan ere, ofizialtasuna da hizkuntza baten aldeko politika publikoak iraunkorki eta bermez egiteko modu bakarra. Ofizialtasun formala ez da nahikoa. Arkitektura juridiko berri eta sendoa behar du euskarak etorkizuna izango badu. Eta hala eskatzen diegu hemendik horren ardura duten agintari eta indar politikoei: ez huts egiteko, euskararen etorkizunaren alde ausardiaz jokatzeko, hesia jartzeko oldarraldi judizialari, baina baita ere euskara eta euskal hiztun komunitatea betiko minorizatuta nahi dutenen oldarraldi politiko eta diskurtsiboari ere. Asko dago jokoan. Aurrera egiteko garaia da».
Bigarren aldarria azalduz jarraitu du, hizkuntza politiketan ezinbestekoa den jauzia: «Paradigma aldaketa bat behar dugu. Minorientzako hizkuntza-politikak atzean utzi, eta ezagutza orokortzea eta normal erabiltzeko egiazko baldintzak ekarriko dituzten hizkuntza-politika anbiziotsu eta ausartak behar dira. Beste era batera esanda, herritar denak euskararen jabe izango diren Euskal Herria ipar izango duten hizkuntza-politikak».
Halaber, Eskisabelek gehitu du «jauzi egiteko, nora jauzi egin finkatu behar baita aurrena. Horregatik, gizarte erronka zehatza proposatu dugu Euskalgintzaren Kontseilutik: irabazi ditzagun 300.000 hiztun 10 urtean. Hau da, bikoiztu dezagun egungo euskalduntze erritmoa. Era berean, gainditu dezagun % 20ko erabilera langa. Horiek dira egungo atzeraldi arriskuari buelta emateko kopuruak, beste biziberritze aro bati ekin diogunaren seinaleak, Pizkunde berri baten zenbakiak. Nola egin dezakegu? Politika publiko ausarten bidez, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman ereduen eredua gaindituz eta euskarazko ikasteredua orokortuz. Edota Nafarroan eta Iparraldean murgiltzen ereduek dituzten trabak ezabatuz, eta euskararen gutxieneko eskaintza orokortuz. Baita ere lan arloko liberazioak, helduen euskalduntze-alfabetatze sektorearen doakotasuna, metatuta daukan ezagutza kapitala, euskaratik urrun bizi diren betiko euskal herritar horiek euskaraz jabetzeko urratsa eman dezaten».
Azkenik, Kontseiluko idazkari nagusiak euskaltzaletasuna aldarrikatu du, baina ez nolanahikoa: «Euskaltzaletasun kokatua, ondo kokatzen duelako zer den euskarari eta euskal hiztun komunitateari gertatzen zaiona. Eta euskaltzaletasun antolatua. Egunerokotasunean euskaltzale jokatzeko konplizitateak bilatu eta saretuko dituen milaka herritarren sarea: etxean, auzoan, herrian, ikastetxeetan, lantokietan, euskalgintzako erakundeetan, kirol eta astialdi taldeetan, euskarazko kultur ekosistema lehenetsi eta elikatuko duena… Jabetu, ahaldundu eta antolatu gaitezen euskarari beste Pizkunde bat emateko».
Bukatzeko, datozen hilabeteetako beste hitzorduak gogorarazi ditu: «azaroaren 21ean Ipar Euskal Herrian euskara ofiziala izan dadin eskatzeko manifestazioa deitu du Euskal Konfederazioak Baionan. Hantxe ikusiko dugu elkar. Eta, abenduaren 19rako, Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak 40 urte betetzen dituenean, desberdinkeria horrekin amaitu eta euskara ofiziala Nafarroa osoan izan dadila eskatzeko mobilizazio handi baterako deia egiten du Euskalgintzaren Kontseiluak».
«Gaur bigarren txinparta bat eskaini diogu Pizkundeari. Mundua euskararen kontra datorrela, baina guk mundua dugula euskararen alde. Baina argi dago: egiteko asko dago oraindik. Eta indarrak hartzeko, euskaltzaletasuna eta euskaltzaleok elikatzeko, harrotu eta poztu gaitezen orain. Hartu dezagun plaza» hitzekin eman dio amaiera hitzartzeari.
Gazte euskaltzaleen hitzartzea
Gazte Euskaltzaleen Sareko kide Xalbat Altzugarai eta Haize Lekuonak ere hartu dute hitza ekitaldian, bi egun lehenago Urepeletik abiatuta Iruñera egindako Gazte euskaltzaleen martxatik iritsi berritan. «Egunotan Euskal Herriko txoko desberdinetatik heldutako gazte andana batek aitzina hartu du. Duela bi egun hamarnaka euskaltzale Urepeletik atera ginen, gure artean saretzeko, aliantzak egiteko eta euskararen aldeko borrokari ekiten segitzeko. Izan ere, Hizkuntza eskubidea, eskubidea da, eta horren kontra egiten dutenen helburua gure hizkuntza, kultura eta herria, finean, gure izatea ukatzea eta itotzea da. Martxan bildu garen gazteok argi dugu: euskaldunak gara, gazte euskaltzaleak eta euskararen aldeko borrokaren lekukoa hartu dugu jada».
«Gazteok giltzarri gara pizkunde berri honetan. Hiru egunez egin dugun bidea izan dadila pizgarri, gure auzo eta herrietan euskararen alde antolatzeko eta ekarpena egiteko euskararen herria sortzeko borrokari» gehitu dute.
1. Zutabea: Ofizialtasun osoaren alde
Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboak lurralde guztietan ofizialtasun osoa aldarrikatu duen pregoia bota du Runako Parkean. Hilabeteak, eta urte luzeak ere, daramatzate Brebeta eta Baxoaren azterketak beraien ikas-ibilbide guztiak egin duten hizkuntzan, euskaraz, egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Honen harira, adierazi dute: «derrigorrezkoa iruditzen zaigu Baxoa euskaraz lortzea Euskal Herria euskaldun eta euskaltzalea izateko. Aldarri hori ez da berria. Duela 40 urte hasi ziren proba guziak euskaraz pasatzearen alde borrokan, izan kolegio bukaeran pasatzen den brebetarentzat edo lizeoko Baxoarentzat».
Ekainaren 12an, Martxaren bezperan, Baxoaren matematikako proba pasatu berri iritsi ziren ikasleak. Horrela, azaldu zutenez, «atzo pasatu genuen urte honetan hainbeste eztabaida sortu dituen matematikako proba berria. Gaia erdaraz eman digute, baina guk euskaraz itzuli diegu, urte hasieratik diogun bezala. Omen, eskubideak errespetatuak izaiteko probabilitatea desberdina da hizkuntzaren arabera. Baina hori alda daiteke. Eta gaurkoa adibide paregabea da». Hori horrela, «hizkuntza baten alde, herri baten alde, 3+4 batuketak 1 emaitza ukan arte. Euskara da bide bakarra!» oihukatu dute.
2. Zutabea: Hizkuntza politiketan premiazko jauziaren alde
Euskararen aldeko politiketan adostasun soziopolitiko berri bat lantzen aritu da azken urteetan gizarte zibileko hamaika eragilek osatutako Batuz Aldatu dinamikako talde eragilea. Haien esku izan da hizkuntza politiketan premiazkoa den jauziaren aldeko pregoia, eta azaldu dute «Esan beharrik ez dago eremu instituzionalak eta politikoak duen garrantzia edozein hizkuntzaren garapenean. Beraz, instituzioek eta eragile politikoek dagokien erantzukizuna, ahalmena eta ausardia jarri behar dituzte euskararen alde, euskalgintzak eta gizarte-eragileek erakutsitako bidearekin bat eginez eta paradigma aldaketa elkarrekin sustatuz». Bide horretan, lehenik, «euskararen ezagutza unibertsalizatuz», eta bigarrenik, «erabilera normalizatzeko espazioak sortuz eta zabalduz», argitu dute.
«Urrats hauek erakundeek bultzatu behar dituzte, hasi udaletatik eta eremu bakoitzeko gobernu-erakunde nagusietaraino, nork bere erantzukizunaren arabera. Baina euskaraz bizitzeko baldintzak ez dira politika publikoetatik bakarrik eraikitzen: ikastetxeetan, lantokietan, kultur taldeetan, auzoetan eta eguneroko harremanetan ere sortzen dira. Hor ere bagara eragile. Inoiz baino ozenago, hemen, hizkuntza politiken jauzia iragartzera eta galdegitera gatoz. Sendo, irmo!» hitzekin bukatu dute.
3. Zutabea: Euskaltzaletasun indarberritua
Euskarazko eduki sortzaileen talde batek «sareko komunitate euskaldunaren izenean» bota dute Askatasun Enparantzatik atera den zutabeko pregoia, euskarazko 40 eduki sortzaileren atxikimendua jaso duena. «Hizkuntza hegemonikoen nagusitasunaren aurrean, ezinbestekoa da euskarak sarean ere bere lekua izatea. Eremu digitala gure bizitzako espazio garrantzitsua izanik, guk euskaraz bizi nahi dugu bertan. Euskara ez da algoritmo bat. Egunero aukeratzen da. Egunero elikatzen da. Horregatik dira hain garrantzitsuak arnasgune digitalak: bertan ere euskarak arnasa hartu eta arnasa eman dezakeelako» azaldu dute. Halaber, ideia bat argi utzi nahi izan dute: «benetako helburua ez dago zenbakietan. Hau ez da ikustaldi edo jarraitzaile kopuru kontua soilik. Sareetan euskaraz aritzea elkar babestea da, elkar ikusaraztea eta gure esentzia bizirik mantentzea. Elkar aitortze horretan baitago benetako indarra».
«Guztiontzat dago lekua sarean, eta guztiok nahi zaituztegu bertan euskaraz. Euskalki orotan, euskara batuan zein euskara ikaste prozesuan. Zuen pasioak, iritziak, emozioak, bizipenak… Euskaraz transmititzean jendeak zuengan, gugan, haien buruaren islada ikusteko aukera zabaltzen dugulako, eta euskaraz bizi daitekeela erakusten dugulako» gehitu dute, eta «Gora sareko komunitate euskalduna. Gora sareko euskaltzaleak. Eta gora euskaratik eta euskaraz sortzen duen herria» hitzekin bukatu dute pregoia.
Ordezkaritza zabala
Ordezkaritza politikoari dagokionez, EAJren izenean Unai Hualde Nafar Buru Batzarreko presidenteak, Anika Lujan NBBko burukideak eta Olatz Peón EAEko legebiltzalkideak parte hartu dute. EH Bilduren izenean, Nerea Kortajarena eta Josu Aztiria EAEko legebiltzarkideek eta Laura Aznal, Irati Jimenez eta Adolfo Araiz Nafarroako parlamentariek eta Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzaileak, eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako batzarkideak parte hartu dute. Geroa Bairen izenean, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria, Isabel Aramburu Nafarroako parlamentariak eta Javi Arakama ordezkariak parte hartu dute. Hauez gain, Martxari atxikimendua adierazi diote EH Bai, Sortu, Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak alderdi politikoek.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
