HITZARTZEA: Gazte Euskaltzaleen Sarea

2026ko ekainaren 14a

GAZTE EUSKALTZALEEN SAREAREN HITZARTZEA

Egunotan Euskal Herriko txoko desberdinetatik heldutako gazte andana batek aitzina hartu du. Duela bi egun hamarnaka euskaltzale Urepeletik atera ginen, gure artean saretzeko, aliantzak egiteko eta euskararen aldeko borrokari ekiten segitzeko. Ekintza hau euskararen herrirako bidea urratzeko modu kolektibo bat izan da, eta gaur Iruñera heldu gara, Kontseiluaren euskaltzaleon martxarekin bat eginez, pizkunde berri bateko mugarri den hitzordu kolektibo hau lehen lerrotik bultzatzeko.

Badakigu ez garela garai errazenetan ari bidea egiten. Garai konplexu eta korapilatsuak bizi ditugu. Globalizazio eta sistema neoliberal basatiak gure komunitatea eta kolektibotasuna deuseztatu nahi du. Oldarraldi erreakzionario horrek hainbat ertz ditu, eta gutxiengoa, baztertua, minorizatua du jopuntua. Eta horrekin batera, bistan da euskara bera ere jopuntuan duela. Euskararen kontrako oldarraldia horren erakusle nabarmena da: hainbat aurpegi dituen oldarraldi judizial, politiko zein mediatikoa. Eta ikusi dugu forma desberdinak dituela: ikusi baitugu epaietan, eta baita hizkuntz eskubidea bestelako eskubideekin gatazkan jartzen dituztenen ahotan. Hizkuntza eskubidea, eskubidea da, eta horren kontra egiten dutenen helburua gure hizkuntza, kultura eta herria, finean, gure izatea ukatzea eta itotzea da. Martxan bildu garen gazteok argi dugu: euskaldunak gara, gazte euskaltzaleak eta euskararen aldeko borrokaren lekukoa hartu dugu jada.

Hizkuntza eskubidea defendatzeak, hots, Euskal Herrian Euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzeak, Euskal Herrian dauden beste hainbat bizipen eta borroketara hurbiltzen gaitu. Izan ere, aipatutako oldarraldiak, hizkuntza eskubideak ukatzeaz gain, beste aurpegi batzuk ere hartzen ditu: arrazakeria, xenofobia, matxismoa, transfobia… Aspaldi ikasi genuen zapalkuntzak elkargurutzatu egiten direla, finean, oldarraldiak gu guziok gaituela jo puntuan. Eta justuki horregatik diogu borroka horiek gurutzatzean lortuko dugula oldarraldiari kontra egitea. Gazteok argi dugu; euskarak guziok behar gaitu, eta guziok gara borroka honetan ongi etorriak!

Anitzetan gazteoi leporatu zaigu euskararen galeraren errua, utzikeria, eta konpromiso falta. Baina horiek gezurrak baino ez dira. Aspaldi da gazteok bidea abiatu genuela, gure ekimen propioz euskararen aldeko borrokarekin konprometitu ginela. Gure forma, molde eta estilo propioak ditugu, agian aitzineko belaunaldietatik desberdinak dira, baina badakigu euskara dela munduan egoteko toki eta modua ematen diguna. Anitz dira martxan ematen ditugun ekimenak: euskarazko aisialdiaren sorreran, euskal udalekuak, zein Euskarabentura ditugu adibide. Hainbatetan jaitsi gara hezkuntza euskaraz aldarrikatzeko, egin ditugu grebak zein mobilizazioa eta baxoa euskaraz aldarrikatu dugu! Gaur aipamen berezia egin nahi diegu desobedientzia ariketa egin duten ikasle guziei, eredu zarete!

Duela hilabete batzuk euskara gara aldarrikatu genuen. Hemen gaudela, euskaraz garela. Gazte euskaltzaleok bagaude, herriz herri eta auzoz auzo euskararen aldeko sarea ehuntzen, komunitatea sortzen. Euskaltzaleak gara euskararen komunitatea, euskararen gorputza osatzen dugunak. Euskarak eta euskal herriak pizkunde berri baten beharra du eta gazteok giltzarri gara pizkunde berri honetan. Hiru egunez egin dugun bidea izan dadila pizgarri, gure auzo eta herrietan euskararen alde antolatzeko eta ekarpena egiteko euskararen herria sortzeko borrokari. Gora Euskal Herri Euskalduna!