ADIERAZPENA: Ofizialtasun osoa. Azterketak Euskaraz mugimendua

2026ko ekainaren 14a

AZTERKETAK EUSKARAZ MUGIMENDUA

Ekainaren hamahiru honetan, Iruñeako karriketan bildu gara euskararen dako ezinbestekoak diren aldarriak zabaltzeko. Eta erran gabe doa guk hemen izan behar dugula, Derrigorrezkoa iruditzen baitzagu Baxoa euskaraz lortzea Euskal Herria euskaldun eta euskaltzalea izateko.

Ikastolako lehen egunetik ohartu ginen Frantses hezkuntza sistema hori ez zela gure alde eta ez zela sekula gure alde izanen borrokatzen ez baginen. Hortik fite etorri ziren erakasle postu eskasa eta azterketak erdaraz iragan beharra. Aldarri hori ez da berria. Duela 40 urte hasi ziren proba guziak euskaraz pasatzearen alde borrokan, izan kolegio bukaeran pasatzen den brebetarentzat edo lizeoko Baxoarentzat.

Urteetan zehar, aintzina pausu handiak izan dira, edo bederen aintzina pausuak, baina oraino borrokan gara. Zinez 40 urte behar dira bi azterketa sinpleren euskarara itzultzeko ? Hain konplikatua da hezkuntzaren funtzionamenduan eragin izpirik ez duen aldaketa horren burutzea?   Oraino zenbat denboraz utziko ote gaitu gatazka honetan Frantses estatuak ? Edo gure mugak xerkatzen ari da behar bada? Hala bada, borroka aitzinetik irabazia dugu. Gure helburua lortu arte ez girelako geldituko! Ez dugu amore emanen. Eta bai, ohartzen gira azterketak pasatzea aldarrikatzen duten ikasle bakarrak izan gaitezkeela planeta honetan! Normala ote? Ez dakit, baina argiki erakusten du gure eskaera ez dela haur baten kapritxoa. Ez da amesten dugun bizi idealaren ukaiteko eskas dugun detaile txiki hori. Ez. Ikasle gisa, oinarrizko eskubide bat da urte bukaeretako probak ikasketa prozesuko hizkuntza berdinean egitea, gure kasuan, euskaraz. Eta sustut oinarrizko eskubideak dira euskaldun gisara ditugun hizkuntz eskubideak. Urrunago eskubide bat da munduari euskaratik behatzea. Beraz gure zinezko helburua, euskaratik munduari begiratuko dien, hots euskal azterketak euskaraz egitea da! 

Usu erraiten den bezala, hezkuntzaren ardatz nagusietariko bat, ikasleen espiritu kritikoa garatzea da. Gurekin hori, lortua dute. Baina zein da istorioaren morala injustiziak atxeman eta ez baditugu konpontzen ahal? Zetarako egin lanaren erdia? Guk bururaino eramanen dugu. Aurten, guttienez, bururaino eraman dugu.

Atzo pasatu genuen urte honetan hainbeste eztabaida sortu dituen matematikako proba berria. Gaia erdaraz eman digute, baina guk euskaraz itzuli diegu, urte hasieratik diogun bezala, hitza hitz. Orain ikusiko zer gertatzen den. Ikusiko ze nota ateratzen diren. Ikusiko implizituki emandako hitza betetzen duten. Oroitarazi nahi genuke hala ere matematiketaz ari girela, hizkuntza unibertsala izan behar lukeen horretaz. Omen, euskarazko 7a ez da frantsesezkoaren berdina. Omen, eskubideak errespetatuak izaiteko probabilitatea desberdina da hizkuntzaren arabera. Baina hori alda daiteke. Eta gaurkoa adibide paregabea da.

Kolektiboki egiten bada, borroka joko bilakatzen da, eta saria irabazi arte segitzen du taldeak. Hori badakigu, eta borrokan segituko dugu beharra badeno. Hizkuntza baten alde, herri baten alde, 3+4 batuketak 1 emaitza ukan arte. Euskara da bide bakarra!


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!