
Akordio soziopolitiko berri bat proposatuz euskararen pizkunde berria eragin nahi du Batuz Aldatu dinamikak
Gaur, Batuz Aldatu adostasun sozialaren ehundik gora sinatzaile elkartu gara Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Bertan aurkeztu dugu hizkuntza-politiken arloko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua.
–
Proposamen honen helburua da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan den honetan, egoera horri aurre egiteko eta euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den jauziaren nondik norakoa proposatzea, beti ere adostasun soziala oinarri dela.
«Itun soziopolitiko berriak euskarari etorkizuna bermatzeko hizkuntza-politikaren giltzak proposatzen ditu. Oso laburbilduta, ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzemuga bat ezartzea, eta normal erabiltzeko baldintzak eratzea dira oinarriak. Paradigma aldaketa bat, besteak beste, estatusaren auziari ere sendo helduko diona», adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta proiektuaren sustatzaileak.
Halaber, erantsi du «bide horretatik euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko bidea sortzeaz gain, hizkuntza-eskubideak erabat gauzatzea lortuko litzatekeela, eta, ondorioz, justizia soziala, gizarte kohesioa, bizikidetza eta askatasuna indartzea».
Ibilbide emankor baten emaitza
2019an abiatutako kontraste-prozesu baten ondoren, 2021ean Euskal Herri osoko eta askotariko ehundik gora gizarte eragilek sinatutako Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu zuen Kontseiluak. Ordutik, sinatzaileek hainbat proposamen eta dinamiza zabal abiatu dituzte hezkuntza-sistema, administrazioa, lan mundua eta ikus-entzunezkoak euskalduntzearen alde.
Hasierako dokumentu horretatik abiatuta, urtebeteko elkarrizketa prozesuan murgilduta egon da hamaika eragilek osatutako Talde Eragilea adostasun soziala itun soziopolitiko bilakatzeko proposamena garatzen. AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Euskalgintzaren Kontseilua, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa izan dira Talde Eragile horren parte, eta Aitziber Blanco bizikidetzan adituak dinamizatu du prozesua.
Talde Eragilearen proposamena borondate irmo batek gidatu du: etorkizunean euskal gizarte hobe bat lortzea, non herritar denek euskara ezagutuko duten eta normaltasun erabatekoz erabiltzeko baldintzak izango dituzten. Horretarako, hizkuntza-politiken paradigma berriak jarraitu beharreko lau ardatz nagusi azpimarratzen ditu: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, erabilera normalerako baldintzak bermatzea, ofizialtasun-estatus berdinzalea lortzea eta komunitate euskaldunaren ahalduntzea. Horrekin batera, printzipio sendoak ezarri dira: lidergo partekatua, hizkuntza-politikaren zeharkakotasuna, progresibotasuna, hizkuntza-aniztasunaren balioespena, adostasun sozial eta politiko zabalaren beharra eta herritarren eskubide osoen garapen integrala, edozein dela ere herritarraren zonaldearen egoera soziolinguistikoa.
Hizkuntza-politika berrirako giltzak
Proposamenak bost eremu nagusitan banatzen ditu euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan gizarteko sektore desberdinek dituzten erantzukizunak. Erantzukizunen lehen geruzan erakundeak eta eragile politikoak ezartzen dira proposamenean. Hain zuzen ere, Itun proposamenak instituzioen ardura azpimarratzen du, hasi udaletatik eta Euskal Herria banatzen duten eremu administratibo bakoitzeko gobernuetaraino. Horrela, ezagutzaren unibertsalizazioa ekarriko duten politika publiko ausart eta anbiziotsuak proposatzen dira, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, kultura-politiketan eta harrera-politiketan jarriz ardatz nagusiak. Halaber, politika publikoen bidez erabilera bermatzeko guneen sorrera, garapena eta hedapena gauzatzea proposatzen da, hiztun komunitate ahaldundu bat elikatzeko bideak jartzearekin batera.
Estatusaren auziari aipamen berezia egiten zaio, Itunean jasotzen denez, euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasun-estatusa lortzea egin beharreko urratsa baita etorkizuna bermatuko duten politika publikoak sistematikoki eta iraunkorki egiteko.
Bigarren erantzukizun geruza batean, eremu ekonomikoa jasotzen da, eta horretan enpresek eta sindikatuek protagonismo berezia dute. Enpresei eskatzen zaie euskara balio estrategiko gisa txertatzea eta euskara-planak garatzea, eta sindikatuei, berriz, hizkuntza-eskubideak langileen eskubideen parte gisa aitortu eta lan-hitzarmenetan jasotzea. Sektore prekario eta feminizatuetan diharduten langileei arreta berezia jartzea eskatzen zaie.
Gizarte-eragileei dagokienez, dokumentuak gogorarazten du beren erabaki eta balioek eragin zuzena dutela euskararen normalizazioan, justizia eta kohesio sozialaren ardatz bihurtzeko deia egiten die. Elkarte eta eragile sozialen ardura da hizkuntza-berpizkundea beren konpromisoen artean kokatzea, eta euskalgintzak aitzindaritza-lana mantendu behar du, baina gainerako eragile sozialekin lankidetzan.
Eremu akademiko eta kulturalari euskarazko ezagutza eta sorkuntza propioa bermatzea eskatzen zaie. Unibertsitateei goi-mailako ikasketen euskarazko eskaintza bermatzea eta ikerketa euskaraz egiteko ibilbideak eraiki ditzatela, eta kultur eragileei euskarazko kultur sorkuntza ardatzean jartzeko gonbita egiten die. Euskarazko kulturgileei, egundaino bezala, haizearen kontra aritzea den arren, euskarari unibertso bat emateko konpromisoari eustea dagokie.
Azkenik, herritarren konpromiso aktiboa da euskararen etorkizunaren berme nagusia. Euskararen normalizazioa erantzukizun zibikotzat aurkezten da, gizarte justuago eta kohesionatuago baten aldeko ekarpen gisa, eta euskaltzaletasun aktiboa ezinbesteko indar eragile gisa aldarrikatzen da.
Konpromisoak eta atxikimendu berriak
Eragile sinatzaileek lau konpromiso nagusi hartzen dituzte: dokumentuaren edukia gizarteratzea, proposamenak beren egitea, elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea, eta bere eremuan eragiteko gai den konpromiso gehigarriak hartzea.
Itunari atxikimendua eman nahi dioten gizarte eragile eta erakundeek kontseilua.eus/batuzaldatu helbidean sinatu ahal izango dute dokumentua.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu du abenduaren 27an Bilbao Arena milaka euskaltzalez beteko duen ekitaldi berezi bat prestatzen dabiltzala. Euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnasa kolektibo bat izango da, Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua. Datozen asteetan emango ditu xehetasun gehiago.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: