Ekainaren 13an milaka euskaltzale elkartuko nahi ditu Kontseiluak Iruñean, Pizkundearen bigarren txinparta eragiteko
Euskaltzaleon Martxa lelopean, ekainaren 13an Iruñeko kaleak betetzeko martxa jendetsua deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen aldeko eragile sozialen bilgune nagusiak. Joan den abenduaren 27an Bilbon egindako ekitaldian iragarritako hitzorduari jarraipena emanez gaur eman ditu ezagutzera mobilizazioaren xehetasunak. Deialdiaren helburua euskararen aldeko arnasa soziala hauspotzea eta hizkuntza-politiketan beharrezkotzat jotzen den jauziari bultzada ematea da.
Pizkunde berri baterako deia
Ekainaren 13ko mobilizazioa 2024an abiatutako ildotik kokatu du Kontseiluak: euskararen egungo larrialdi linguistikotik indarraldira eramateko bidean, Pizkunde berri baten premia gizarteratzea.
Izan ere, gizarteko esparru zabal batean partekatutako diagnostikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuko azken hamarkadetako susperraldia moteltzen ari dela. Horren aurrean, azken urteetan behin eta berriz azpimarratu da hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko beharra, paradigma berri batena. Kontseilua osatzen duten askotariko erakundeen, eta, halaber, Kontseiluak berak eratutako Batuz Aldatu dinamikarekin bat egin duten ia 150 eragile sozialen ustez, argiak dira jauzi horren oinarriak: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera normalerako baldintzak sortzea.
Hala ere, Kontseiluak nabarmendu du euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat dela, eta, ondorioz, herritarren eta gizartearen inplikazioa ezinbestekoa dela aurrera egiteko. Horregatik, mobilizazioaren bidez gizarte mugimendu zabal baten beharra azpimarratu nahi dute, euskaltzaletasunaren giharra indartzeko.
Abenduan Bilbon egindako ekitaldia pizkundearen ideia gizarteratzeko eta kulturak prozesu horretan duen garrantzia azpimarratzeko gunea izan zen. Iruñeko hitzorduan, berriz, herritarren ekarpena izango da ardatza: euskaltzaletasuna egunerokoan nola landu eta sustatu azpimarratuko dute.
Kontseiluak gogorarazi du gure historia garaikidean euskara kinka larrian izan dela beste une batzuetan ere, baina euskaltzaletasunak ekarri duela bizirik gaurdaino. Beraz, badela harro egoteko motiborik, eta egungo egoera zaila izanagatik, badela itxaropenerako arrazoirik. Ekainaren 13an Iruñea, euskararen eta euskaltzaleen bizi indar horren erakustaldi izatea da mobilizazioaren xedea.
Euskaltzaleon Martxa, hiru zutabetan
Mobilizazioa ekainaren 13an, larunbatarekin, arratsaldez egingo da, eta Iruñeko kaleak betetzeko hiru tokitan elkartuko dira herritarrak. Oraindik zehaztu gabe dauden toki horietatik hiru zutabe abiatuko dira, ekitaldi nagusia burutuko den puntu bakarrean elkartzeraino. Zutabe bakoitzak euskararen pizkunderako ezinbestekotzat jotzen duten hiru oinarrietako bat ordezkatuko du.
Lehenengoa, euskarak Euskal Herri osoan ofiziala izan dadila aldarrikatuko duena. Bigarrena, hizkuntza-politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko dituena. Eta hirugarrena: euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko duena, azpimarratuko duena egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia.
Hortaz, ekaineko hitzordua Pizkunderako behar ditugun baldintzen aldarrikapenerako gunea izango da. Euskaltzaleok antolatzeko beste urrats bat, euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko bultzada.
Aktibaziorako deia
Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an Iruñera joateko eta zabalpenean laguntzeko deia luzatu die Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzale guztiei. Laguntzeko edota parte hartzeko asmoa dutenek informazio, material eta baliabide guztiak www.pizkundea.eus webgunean aurkituko dituzte, baita harremanetarako bideak ere.
Azkenik, martxoaren 19tik 29ra Euskal Herria zeharkatuko duen Korrikan ekaineko mobilizaziora deitzeko kilometroen berri eman du Kontseiluak: Eskirotzen (Nafarroa) 643. km-a, martxoaren 22an 04:01etan; Azkainen (Lapurdi) 1.541. km-a, martxoaren 25ean 02:58etan; eta Bilbon (Bizkaia) 3.436. km-a (azken aurrekoa), martxoaren 29an 12:13etan Plaza Biribiletik hasita.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
